Nahi duzun mundua aukeratu

Kulturartekotasuna lantzeko baliabideen gida.
Hirugarren Munduko Gazteak - 20/11/2007

Bizi garen gizartea kultur anitzeko dela ezin da ukatu. Kalean, garraio publikoan, gure auzotegian… egunero leku ezberdinetatik etorritako jendearekin topo egiten dugu. Elkar ikusten eta agurtzen dugu, baina, seguru asko, jende horri buruz ezer gutxi dakigu. Hirugarren Munduko Gazteak elkartekook errealitate honetan oinarritutako lana aurrera eraman dugu. Horretarako gaur egunean inmigrazioari buruz daukagun iritzia aztertu dugu, eta ondorio honetara heldu gara: inor gutxik zalantzan jartzen duela inmigrazioaren eragin ekonomiko eta demografi ko positiboa, batez ere harrera-herrialdeetan. Baina, iritzi orokorra, eta hedabideak helarazten duena, beste bat da.

Ikerketa Soziologikoen Zentroaren barometroaren datuak argitaratzen diren bakoitzean galdetutako pertsonentzat arazo larrienetariko bat inmigrazioa dela azaltzen da. Inmigrazioak onura ekonomiko eta demografi koak ekartzen ditu, baina iritzi publikoa berdintzen eta beraren arreta galtzen laguntzen duen tresna ere bada. Jatorri-herrialdeetan bidegabekeria, pobretzea, ustelkeria… gizarte hauetako pertsonek nola antolatzen dituzten beraien etorkizuna, bizitza eta ametsak eragin handia duten errealitateak dira. Gizarte-desegituraketaren errealitate honen aurrean pertsona askok frustrazio-sentimenduak pairatzen dituzte eta, horren ondorioz, beste errealitate erakargarriagora ihes egiteko desioak sortzen dira, Europara, esate baterako.

Azken bolada honetan dibertsitatea, kultur aniztasuna, kultur nortasuna edo kultur anitzeko herritartasuna bezalako kontzeptuak indarrez entzuten ari dira, zer edo zer berria izan balira bezala. Baina berria ez da kultur aniztasuna, bere nabaritasuna eta kultur anitzeko elkarbizitzaren berrantolamenduaren beharra baizik. Egoera honen aurrean Hirugarren Munduko Gazteak elkartetik kulturarteko hezkuntzako proiektu bat antolatu dugu. Proiektu honetan kulturartekotasunaren hiru zutabeen metodologia1 erabili da, hau da, izatea; ezagutzea eta onartzea; elkar bizitzea. Hiru zutabe hauek pertsonaren hiru dimentsio bezala hartzen dira, bakarreko dimentsioa, psikologikoa eta soziala. Hausnarketa honetan gure inguruan dagoen mundua berriz topatzea proposatzen da, horretarako izatetik hasiko da, beste pertsona ezagutzetik eta onartzetik pasatuko da, kulturarteko elkarbizitza posible delako proposamenera heldu arte.

Oraintxe bertan esku artean daukazun gida hau kulturarteko hezkuntzako proiektu honen fruitua da. Ikasturte batean gazte-elkarteekin, ikastetxeekin eta helduen taldeekin lan egin dugu. Gida honetan talde hauekin landutako materialen, bai teorikoen, bai praktikoen, bilduma topatuko duzu. Hasiera batean, materialak 12 urtetik aurrerako taldeekin lan egiteko pentsatuta daude, bai hezkuntza formalean, bai hezkuntza ez formalean. Gure esperientzia kontuan hartuta, dinamika bakoitza adin-talde ezberdinekin erabil daiteke, izan ere hezitzaileak talde bakoitzari molda diezazkioke materialak.

Gidaren egiturari dagokionez, hiru ataletan banatuta dago. Atal bakoitzak kulturartekotasunaren hiru zutabetako banarekin bat egiten du. Hiru zutabeak hauek dira: izatea; ezagutzea eta onartzea; elkar bizitzea. Atal bakoitza hiru zatitan banatzen da. Lehenengoan, kulturartekotasuna izena duena, atalaren gaia eta helburu espezifi koak aurkezten dira. Bigarrenean tresna didaktikoak jasotzen dira. Bigarren honetan jarduerarako orientabidea ematen da, helburuak zehazten dira, materialak, behar izanez gero, aipatzen dira eta jardueraren garapena deskribatzen da. Bukatzeko, gidaren hirugarren atalean testuak jasotzen dira. Testu hauek teorikoak dira eta kulturartekotasunaren hiru zutabeetan gehiago sakontzeko proposatzen dira.